2010. urtetik gendea eskarpiatzen ari gara.

Korukideak

ABESBATZA

Paz de Ziganda Ikastolako Helduen Abesbatza, ikastetxeko guraso zenbaiten ekimenez 2010. urtean sortutako talde korala da. Hasieratik, Mari Paz Arizkun izan da zuzendaria. Lehen kontzertua, 2010eko ekainean izan zen Ikastolak antolatu zuen Nafarroa Oinezen aurreko egitarauaren barruan.

Urteotan, taldeak emanaldi ugari eskaini ditu. Batetik, Iruñerrian. Bestetik, Nafarroako hainbat tokitan: Olibako Monasterioan, Nafarroako Gobernuaren Cultur izeneko zikloan, Civicaneko I. Kantu Zikloan, Iruña Kasinoko 2014ko Maiatzeko Zikloan, Orreagako Kolegiatan, Iruñeko Santa Maria Katedralean, Nafarroako Parlalmentuan eta abar.  Azkenik, Foru Komunitatetik at Gipuzkoan, Toledon, Madrilen eta Bartzelonan eskaini ditu kontzertuak.

Elkartasunaren aldeko apustua beti egin du Paz de Ziganda Ikastolako Helduen Abesbatzak. Ekimen solidario hainbaten aldeko emanaldietan parte hartuz, proiektu eta erakunde ezberdinak babestuz. Horra hor, Ugandako VURA Music Project ekimenerako Atarrabian, Burlatan eta Baluarten eskainitako emanaldiak eta beste zenbait elkarteren aldeko kontzertuak: Caritas, Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea (ADEMNA), Autisten Elkartea (ANA), Siriako errefuxiatuak, Haur Minbizidunen Elkartea (ADANO) eta abar.

Abesbatzak, Bingen Mendizabal konpositore ospetsuaren musikarekin osatutako Dantza Garaikideko “Bi Hots” ikuskizunean, eta euskal folkloreko Iruñean Kantuan jaialdiaren azken edizioetan parte hartu du. 2016ko eguberrietan, Nueva Babel konpainiak moldatutako La flauta mágica opera ikuskizunean abestu zuen PDZHA Abesbatzak Iruñeko Gaiarre antzokian.

2015ko abenduan, Santo Domingo de la Calzadako Gabon-Kanten lehiaketako lehenengo saria lortu zuen. 2016ko apirilean, Atarrabiako III Kantu Festa irabazi zuen.

2017an Nafarroako Abesbatzen Elkarteko veste abesbatza batzuk eta Goya orkestrarekin batera parte hartu du Hilario Eslavaren “Hilen Meza” muntaian, Zaragoxako Auditorium, Iruñeko Baluarte eta Burlatako Hilarion Eslava XV musika aste barruan kontzertu babna emanez.

Paz de Ziganda Helduen Abesbatza 50 kidek osatzen dute. Gehienak, ikastetxeko  guraso eta irakasleak. 2013. urtetik Nafarroako Abesbatzen Elkarteko kide aktiboa da.

Mari Paz Arizkun

Principe de Viana Abesbatzan ekin zion bere ibilbide koralari. Sei urte eman zituen bertan. Aldi berean, musika maite zuen gazte talde batekin Ilunaldi Ganbara Abesbatza sortu zuen. Talde honekin sari garrantzitsuak eta publikoaren esker ona lortu zituen. Halaber, Tolosako Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketan abesteko hautatua izan zen, David Guindanoren zuzendaritzapean aritu zelarik.


1993. urtetik aurrera, lau urtez jarraian, Jose Luis Ochoa de Olzak zuzentzen zuen Nafarroako Unibertsitateko Musika Gelan aritu zen. Aurrerago, 1999an, Pedro Ruiz Huicik zuzentzen zuen Sine Nomine Musika Tailerreko kide izan zen. Talde honekin hainbat sari eskuratu zituen. Besteak beste, urrezko bi domina Rodaseko (Grezia) Nazioarteko Hirugarren Lehiaketan eta 2002. urtean, Zumarragan, Nazioarteko Kantu Koraleko Polifonia Sari Nagusia. Gainera, talde honekin, CD bat grabatu zuen Zaragozako Auditorioan. 2009. urteaz geroztik, hainbat proiektutan laguntzen du Nafarroako Ganbarako Operan.


Lau urtez eskolak jaso zituen Euskal Herriko Federazioak antolatutako zuzendaritza koraleko ikastaroetan. Beste zenbaiten artean irakasle izan zituen, Juanjo Mena, David Azurza, Johan Duick eta Aitor Saez de Cortázar. 

Gerora, ONCE erakundean, minusbaliatu sentsorialez soilik osatutako Media Luna Abesbatza sortu eta zuzendu zuen, lau urtez. Berriozarko Elkar Abesbatza ere zuzendu zuen bi aldiz: 1998tik 2000ra eta 2005etik 2008ra.

2013 urtetik aurrera abeslari gisa aritu da askotan Iruñeko Orfeoianrekin 2017ko urtarriletik geroztik, honetako zuzendariordea delarik.

Egun, Paz de Ziganda Ikastolako Helduen Abesbatzaren zuzendaria da, 2010ean abesbatza sortu zen unetik beretik.